Estudio de arquitectura Etxeberria

«Ni ere jasangarria naiz»

Euskal Arkitekto Elkargoko Arkitekto Adituen presidentea

Egunero ari gara gosaltzen eraikinekin lotuta dagoen albisteren batekin. Berri horiek eraikinaren ongi izatearekin dute zerikusia. Eraikinak makinak balira bezala ikusten baditugu, ongi mantenduak badaude, itxura eta funtzio egokiagoa izango dute.

Azken urte honetan makina bat neurri onartu ditu gobernuak eraikinei eragiten dietenak. Alde batetik, Eraikinen Ikuskapen Teknikoa arautzen duen legea jarri du indarrean, eta, beste alde batetik, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa eskatzen duen legea ere bai. Lehenengoak eraikinak ikuskatuak izan behar direla dio, eta epe batzuk ezartzen ditu ikuskapena egiteko eraikinaren adinaren arabera. Bigarrenak, berriz, ekainaren 1etik aurrera etxebizitza edo lokalen bat saldu edo alokatu nahi duenak salgaiaren eraginkortasun energetikoa ziurtatu beharko du. Horrek kalifikazio bat emango dio etxeari, etxetresnekin gertatzen den bezala, letra bat egokituko zaio, A-tik G-ra bitartekoa. Neurri horiek jabeengan ere pentsatzen dute, pentsatu baino behartu esan beharko nuke, azken finean jabeak dira, eta neurriek esaten dutena bete behar dutenak.

Hori guztia gutxi ez balitz bezala, Eusko Jaurlaritzak erregistro bat sortu du etxeek duten kalifikazio energetikoarentzat. Teknikariek, etxearen kalifikazioa zein den jakin ondoren, Jaurlaritzak sortutako portale batera igoko dituzte datuak eta bertan erregistratu, teknikarien lana bikoiztuz. Horrela, Eusko Jaurlaritzak etxeak duen eraginkortasun energetikoa baiesten duen ziurtagiria emango dio etxearen jabeari.

Zer esaten dute honi buruz eraikinen jabeek? Zelan zabaldu da berri hau kalean? Ia biztanle guztiak etxe baten jabe direnez, legearen eskakizuna herritar gehienek bete beharko dute, eta oraingoz, behintzat, kalean entzuten diren zurrumurruek neurri berriak diru lapurreta bat besterik ez dela diote. Baina ez al dakigu urrutirago begiratzen? Diruan bakarrik pentsatzen dugu. Badakit dirua garrantzitsua dela, batez ere, gaur egungo egoeran, baina, lege berri honek zerbait gehiago ere bermatzen duela ikusi beharko genuke. Baina «gehiago hori» ez badigute azaltzen, guk ez daukagu modurik jakiteko.

Adituek, profesionalek, alegia, ikusten duguna neurria gaizki saldu dela da, eta informazio gabezia dagoela; herritarrek ez dute ongi ulertuko legearen funtsa zein den ez bazaie argi azaltzen. Gauzak horrela, gerta daitekeen normalena legea kritikatzea eta neurriaren kontra jartzea da, eta legeak ekarri ditzakeen onurak ez ikustea.

Gure hiri erdiak etxebizitza zaharrez beteak daude; etxe horiek ongi mantenduak egon ezean, haien bizitza, itxura eta segurtasuna murriztu egiten da. Hori da orain arte gertatu dena; gure gizarteak ez du mantentze —eta berreraikitze—kulturarik. Eraikinak zahartzen ari zaizkigu, eta erabat kaltetuta zeudenean, lurrera bota eta eraikin berri bat dugu bertan. Denok egongo zarete ados nirekin jarduera hori jasangaitza dela esaten badut.

Orain haize berria datorkigu Europa aldetik, jasangarritasuna, ingurugiroa gutxiago kutsatu eta eraikinetan energia aurreztearen haize bolada, alegia.

Esparru honetan, beste batzuetan gertatu den bezala, gurera geroago heldu dira Europako beste herrialdeetan aspaldidanik indarrean dituzten legeak. Lege horiek gizarteak onartu eta dituen ohiturak aldatzen ditu azkenean. Frantzian, Alemanian eta Luxemburgon eraikinak berriztatzearen kultura normaltzat jotzen dute, eta etxeei mantentze lanak egitea kotxea mantentzea bezala dela pentsatzen dute. Ez dago esan beharrik jabeek etxea ongi izatean onura besterik ez dutela ikusten. Etxeak eskatzen dizkien lanak denbora egokian eta garaiz egiten dituzte. Etxeak, pertsonak bezala, ongi zainduak izan badira eta ohitura onak izan badituzte (erretzearenak hemen ez du lekurik), zahartzaro osasuntsuagoa eta bizitza luzeagoa izango dute.

Orain gure aukera da gizartearen ohitura aldatzeko eta hobetzeko. Etxeetan inbertitzeak erabiltzaileen ongizatea bermatzea, etxeen fatxaden itxura txukuntzea eta duten segurtasuna indartzea ekarri du beste irabazi batzuen artean. Merezi du eraikina ongi izateko eginbeharreko lanak egitea, onurak begi bistakoak dira eta.

Gizartea ongi informatzea bakarrik falta da, eta horretarako administrazioak ahalegin handiagoa egin beharko luke, beraiek dituzten tresnak horretarako erabiliz: komunikabideak, heziketa kurtsoak eta hitzaldiak egin beharko lituzkete herritarrek jakin dezaten orain gure aukera dela gure herriak seguruagoak eta osasuntsuagoak izateko. Esan beharra daukat ekainak 1etik aurrera ez dudala aldaketa nabarmenik ikusi eta izan beharko litzateke, gutxienez etxe edo lokal bat saldu edo alokatzerakoan.

Gainera, oraindik ez dago martxan ziurtagiria lortzeko zabaldu behar zuten portalea; beraz, gizartea zelan birziklatuko da bere ohituretan administrazioa bera atzetik badoa? Helduko da gure unea, baina ikusi egin beharko dugu noiz.

berria


Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies