Estudio de arquitectura Etxeberria

Eraginkortasun energetikoa aurkeztu behar da gaurtik, etxeak saldu edo alokatzeko

Hego Euskal Herrian etxebizitza edo lokalen bat saldu edo alokatu nahi duten jabeek eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izan beharko dute hemendik aurrera. Izan ere, gaur sartuko da indarrean eraginkortasun energetikoaren legea. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 2006tik antzeko lege bat dute indarrean. Alemanian, Luxenburgon, Belgikan eta beste herrialde batzuetan urteak dira etxeek ziurtagiri hori behar dutela.

Euskal Herriko Arkitekto Elkargoko Arkitekto Adituen presidente Olatz Etxeberria lege berriaren nondik norakoak azaltzen ari da azken egunetan. «Ziurtagiriak etxearen portaera energetikoa nolakoa den azalduko du. Horrekin jakin nahi da etxeek zenbat energia behar duten barruko ekintzak behar bezala emateko: ura nola berotzen den, galdararen erregai mota, udan zein neguan etxeek zenbat bero galtzen duten… Bero galerarekin jakiten da, adibidez, zenbat karbono dioxido isurtzen duten», azaldu du Etxeberriak. Leihoen kokapenak ere eragina du portaera energetikoan.

Lege berriaren arabera, kalifikazio bat emango diote etxe bakoitzari, Atik Gra. «A letrak esan nahi du etxeak portaera oso ona duela. G letrak, txarrena. Berdin du zer portaera duen, gauza da alokatzen edo erosten duenak jakin behar duela etxeak zer kalitate duen», argitu du Etxeberriak. Adibidez, erosleek eta maizterrek jakingo dute zenbat energia behar den etxea berotzeko. Hamar urteko balioa du agiriak, eta gero berritu egin beharko da.

Etxeetako jabeek arkitektoengana edo arkitekto teknikariengana jo behar dute ziurtagiria egiteko. Lokaletan, arkitekto eta arkitekto teknikariez gain, industria ingeniariak dira gai ziurtagiriak egiteko. Lokalen artean, denda handiak daude; kasu horietan, teknikari bakar batek ezingo du ziurtagiria egin.

Krisiaren eraginez, azkeneko urteetan askoz etxe gutxiago saltzen dira. «Ondorioz, beste borroka txiki bat sor daiteke salgai dauden etxeen artean». Salgai dauden etxeek zer portaera energetiko duten aurkeztu beharko dute, eta horren arabera etxeen prezioa aldatu egin daitekeela iruditzen zaio Etxeberriari.

Hartu den neurria «gaizki saldu» dela iruditzen zaie Euskal Herriko Arkitekto Elkargoko adituei. Jabeei eta agentziei informazioa falta zaiela sumatu dute. «Herritarrek ez dute ongi ulertuko legearen funtsa zein den ez bazaie argi azaltzen. Eta gerta daitekeen normalena legea kritikatzea da», esan du arkitektoak. «Baina etxeek, pertsonek bezala, ongi zainduak izan badira eta ohitura onak izan badituzte, zahartzaro osasuntsuagoa eta bizitza luzeagoa izango dute».

Lege berria aukeratzat jotzen du Etxeberriak, gizartearen ohiturak aldatzeko eta hobetzeko. «Etxeetan inbertitzeak erabiltzaileen ongizatea bermatzea, etxeen fatxaden itxura txukuntzea eta segurtasuna indartzea ekarriko du». Legeari esker, etxeak seguruagoak izango direla iruditzen zaio.

Ziurtagiria dirua ateratzeko trikimailutzat jo dutenei erantzunez, onurak askoz gehiago direla nabarmendu du arkitektoak: «Ziurtagiriak portaera energetikoa emateaz gain, esaten digu zer esku hartze egin daitezkeen etxearen portaera hobetzeko. Proposamenak egingo ditu; adibidez, galdara aldatzea, leihoak aldatzea edo fatxadaren barnetik isolamendua jartzea». Halako aldaketekin, jabeek energia asko aurrez dezaketela uste du.

Datorren ostegunean, Eusko Jaurlaritzak ziurtagiriaren erregistro ofiziala aurkeztuko du Gasteizen. Izan ere, ziurtagiria erregistratu egin behar da. Erakundeak gaiarekin «oso berandu» dabiltzala salatu du Etxeberriak.

Informazio gehiago


Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies